Dagoeneko hilabete bat pasa da nire txikitako ametsa egi bihurtu zenetik. Momentu eta istorio polit asko bizi nituen, hitzez deskribatzea zaila egiten zaidana. Oraindik, malkoak nire begietan, gogoan ditut nire familia eta lagunekin bizitako une polit horiek. Nire aitona Ramuntxoren keinuak, nire gurasoen poza, izeba osaben gertutasuna, lehengusu lehengusinen ilusioa, jendearen txalo eta oihu ugariak, baita, jendearen hitz polit eta begiradak…. hotzikara sortarazten didana pentsatze hutsak.

Uztailak 25, osteguna gure herrian santiago eguna, gure familian egun berezia, oso berezia. Aita arrantzalea, aitona erretiratua eta osaba arrantzalea izandakoa, beraz gure etxean uztailak 25 oso egun polita eta seinalatua da. Aurtengoa ezin hobea, noski. Poza nabari zen egun horretan. Nire laguna Leire, Herriko Konpainian hautatua izan zen, eta lagun guztiak pozaren pozez zoratzen ginen, gu izan baitgara koadrilako lehen Kantinerak. Esperientzia berri bat dudarik gabe!

Leirerekin guzti hau bizitzea ikaragarria izan da, momentu polit asko bizitu ditugu, baita bitxikeri asko! Gogoan dut gure lehen entrebista, edota taldeko lehen argazki eguna; horiek dira momentu politak, berriz ere errepikatuko ez direnak, baina betiko geratuko direnak.

Irailak 8; iritsi da eguna. Alarmak oso goiz jo du, begiak ireki eta etxean dagoeneko hasi da jende festa. Amatxori kuku bat egin, eta prestaketekin hasi naiz patsadaz. Kafe usaia zabaldu da etxe osotik eta dagoeneko izeba hemen dago argazkiak atera eta laguntzeko prest. Atea jo dute. Orraztera dator Nerea. Keinu goxo batekin agurtu eta moñoa egiten hasi da. Konturatu naizenerako txapela jarrita eta prest nago!

Berriz ere beheko tinbreak jo du. Aiton amonak dira, Cordobako izeba eta lengusinekin datoz.
Aitonaren begiek dizdira berezia dakarte, urduri dago, baina pozaren pozez zoratzen. Besarkada handi bat eman eta begiekin kenu egin dit, biei malkoak erortzen hasten zaizkigu gelditu ezinik. Amonak irrifarra dakar ahoan, eguraldia ahotan, baina konten. Etxea lagunez betetzen hasi da, beraien aurpegi hunkituek dena esaten dute, hori bai, ambientazioa jartzeari utzi ez bazioten!

Konturatu ginenerako, janzteko momentua iritsi da. Lehengusinak prest ditut laguntzeko. Botekin hasi gara baina patsadaz, ez dago presarik. Aita logelara gerturatu eta “aizaaa, egunon denakeri” esan digu. Egualdia “paxo” behin eta berriz errepikatzen. Gona, guerrera eta kasaka dagoeneko jantzita, bandari puntadatxo batzuk ematen hasi gara mugitu ez dadin.

Listo!! Orain bai, prest nago! (Buaaaa, Que pasada!! ¡Impresionante!)

Berriz ere ate joka. Hemen dira, nere bila etorri dira etxera. Atea ireki, eta beraien begietan urduritasuna eta poza nabaritzen da, askorentzat lehen urtea baita postu horietan. Argazkiak atera, gosaltzeko zerbait eskaini eta bagoaz. Eskailerak jeisten lehenengo elkarrizketak hasi dira. Kalera atera eta, ara!! Lehenengo euri tantak hasi dira. Ezerk ez gaitzala zapuztu gaurko eguna.

Goizeko zazpiak eta laurden dira, eta martxan gara. Lehen agurrekin hasi, eta san Pedro kalea zeharkatu dut familia osoaren txalo zaparradaren babesean. Horiek izan ziren lehen momentuak, lehen sentsazioak, eta eta nire urteko egunik politenetako lehen pausuak. Hori bai, inoiz ez zait ahaztuko jendearen oihu eta garraxiak kale nagusiko igoeran, Arma plazako itxaronaldia konpainia guztiekin, bertako jaitsiera, Cordobatik ni ikustera etorri ziren senide guztiekin bazkaria, arratsaldeko ibilera eguzki izpiekin, eta azken traka; zapatero eta merendola…

Amaitzeko, eskerrak eman. Bihotz bihotzez, mila esker Ama Guadalupeko Konpainia osatzen duzuen guztioi. Zorionik beroena egin duzuen lan guztiagatik, mila esker eskainitako arreta guztiagatik, mila esker une oro jaso dudan babes eta konfiantza guztiagatik.

Nire motxilan gordeta eramango dudan bizipen polit bat izango da, inoiz ahaztuko ez dudana, eta nire bihotzean betirako gordeta eramango dudana.

Plazer bat izan da hau guztia 2024 Kantinera guztiekin bizitzea, baita Hondarribiko herriarekin ere.

Eider Arbelaiz Zubillaga.